Materialismo historikoaren defentsan

Artikulu honetan gaur egungo eta iraganeko kontzeptu historikoak erlazionatu eta “etorkizuneko historia” bat egoteko aukeraren inguruan teorizatuko dugu. Historiaren eta historigrafiaren garapenaren barruan joera desberdinak aurki ditzakegu. Modekin, hau da, historia ulertu eta idazteko moduekin lotuta dagoela egiaztatu dezakegu.

Gaur egun Historia Sozialaren gorenaldian  bizi gara. Eragile anonimoak bilatzen dira, garrantzi gutxikoak. “Behetik kontatutako historia” deiturikoa da. Prozesu historiko handien “makro” analisietatik urruntzea bilatzen da. Baina azken hamarkadetan honen kontrakoa izan da.

Historialariaren lanaren eta obejtibitatearen, egiaren eta egiazkotasunaren eztabaidak historia beste interes batzuetatikk libre den gai bilakatzera darama. Nire aburuz ezinezkoa da prozesu historikoen analisi eta aurkezpenean objetibitatea lortzea. Ez dut uste historialariak egia absolutua aurkeztu dezakeenik, ezta hori egin behar duenik ere; geroago azpimarratuko dugu puntu hau.

Historiarentzat, zientzia moduan ikusia (eta ez prozesu historikoen kontaketa moduan), arriskutsua da gertaerak eraldatu ditzaketen interesak daudela ukatzea. Askotan entzun izan dugu klasean pentsamendu hauek teoría konspiranoikoen berezkoak direla. Hala ere edozein ikasle arruntek badaki munduko estatu guztiek eman diotela beren interpretazioa haien marko geografikoko historiari beren historia garaikidearen alde egiteko. Hitz gakoa, beraz, interpretazioa da. Batzuek esango dute hau urteak edo mendeak pasa ahala soilik egin daitekeela. Nire iritzia da analisi historiko egoki batekin kasu hauek berehalakoan ikusteko aukera ematen digula.

Ez dut esan nahi historia aldatzea “txarra” edo “ona” denik. Kategoria hauek ez dira absolutuak baizik eta gertaeren interpretazioa bezain erlatiboak. Gertaera berak historialariaren analisiaren arabera “egiak” adierazi ditzake, honen helburua bere arduraren kontzientzia edukitzea izan behar du.

Historialariaren ardura unibertsitateko ikasgeletan asko entzun den esaldi bat da eta ematen duenez ez dago adostasunik: Zerk motibatu behar du historialaria? Bere espezialitatearekin loturik dago edo gehien identifikatzen den eskola historiografikoarekin?

Aurreko hamarkadetan ospe akademiko handia eduki arren gaur egun zaharkitutzat jotzen diren eskola historiografikoetan pentsatzera garamatza honek. Zehazki materialismo historikoaz ari naiz hizketan. Nahiz eta ohikoa den asignatura askotan aipatua izatea, historian doktore diren gehienek eskola hau osatu gabea dagoela diote “soilik” analisi ekonomikoetan oinarritzeagatik.

 

 

Hemendik dator arazoa. Materialismo Historikoaren inguruan dagoen ezagutza urrian. Ez dira kontuan hartzen materialismo historikoaren eta sozialismo zientifikoaren sortzaileen idatziak, soilik haien teoriak ontzat hartzen dituztenen liburu eta artikuluak. Prozesu historiko baten analisia ezin da inoiz ekonomikoa soilik izan. Jakina osatugabea egongo litzakeela. Beti eragiten dute faktore ugarik.

Historizismoa edo akademizismo historikoa akats horietan erori dira. Historiaren oinarri ekonomikoak azpimarratu nahi duena da gizakiaren historia klase borrokaren historia dela. Honen barnean prozesu ugari daude, denak marko sozial, politiko, kulturalean… elkarren artean talka egiten duten klase antagonikoen arteko klase borrokaren barnean. Bidegabea da ekonomiaren oinarrizko garrantzi hori soilik bera aztertzearekin nahastea.

Baina Materialismo Historikoa bateragarria da gaur egun indarrean dauden genero, gizarte edo kulturaren historiaren joerekin? Jakina baietz. Gaur egun genero ikerketetan aipatzen diren kontzeptuek arraza edo klase kontzeptuak honekin duen lotura azpimarratzen du. Egia da prozesu historiko guztietan ageri dela genero kontzeptua, ezinezkoa da prozesu historiko batean emakumearen papera ukatzea; baina akats larria da emakumeen historia bananduta aztertzea. Akats hau 60ko hamarkadan sortu zen eta gaur egun erabilia izaten jarraitzen du, genero kontzeptua marko ezberdin batean aztertzen duten historialari batzuk ezabatzen saiatzen ari direlarik.

Deborah Gray White-n  Ar´nt´I a Woman liburuan ikusten dugunez, oinarrizko garrantzia ematen zaio garai kolonialean emakume beltz esklaboak jokatzen zuen paperari. Beraz klase, arraza eta genero kontzeptuak prozesu historiko bakar batean tratatzen dira obra honetan. Ondorioa da sexu femeninoaren gutxiagotasuna ez dela halakoa esklabotza erregimen hori mantendu nahi duenarentzat. Kontrakoa, emakume beltzaren indar fisikoa baloratzen dute erregimen hori erreproduzitzen laguntzen dielako. Hau da, zapaltzaileentzat esklabo kolonial guztiekiko opresio nagusia da zapaltzaileentzat berebiziko garrantzia duena. Emakume beltz esklaboa sistema mantentzeko tresna da, eta ez alderantziz. Sistemak esklaboari ematen dio oinarrizko garrantzia eta emakume beltza sistema hori erreproduzitzeko tresna da. Klase borrokaren teoriaren baieztapena da hau.

Egileak egiten duen analisiaren bidez, genero auziari garrantzi nagusia emanez, ikuspuntu hau akats bat dela ikustera garamatza. Klase borroka da auzi nagusia. Arraza eta genero kontzeptuak materialismo historikoarekin bateragarriak direla ere erakusten digu, eta metodo honen bidez mikrohistoria ere egin daitekeela.

Materialismo historikoa, besteak beste, analisi metodo bat da. Ezin ditugu prozesu guztiak gure markoan egokitu, markoa materialismo historikora egokitu behar dugu –erabat moldagarria– analisi osatu bat egin arte. Honaino helduta, historialariaren ardura da, lehenago esan dudan bezala, klase borrokaren kontziente izatea. Honetan oinarrituz egungo eta etorkizuneko belaunaldiak klase zapalduaren zerbitzura jarriko den historiaz hornitu behar ditu. Materialismo historikoaren analisietan ikus dezakegun moduan, historiak garapenera jotzen du eta hau bat dator mendean hartutako klaseen iraultzekin.

Garrantzi handikoa da historialariak bere ikerketan lagunduko duten diziplina guztiak erabiltzea, ezer ezin da izan baztertua. Antropologia, Arkeologia, Demografia, Geografia, Estatistika edota Kronologiaren ezagutza zehatza beharrezkoak dira analisi materialista benetan zientifikoa izateko. Alde honetatik elementu kulturalek garrantzi berezia dute. Gizartearen garapenean gako bat dira baina ezin dugu ahaztu gizartea dela kultura eratzen duena eta ez alderantziz. Gizarte honek bizirauteko baliabideak produzitzen diren moduak baldintzatzen dituen heinean, hala daude elementu kulturalak ere. Hau erakusteko modu hoberena produkzio moduen aldaketetan gertatzen den kulturaren garapena da. Frantziar iraultzaren ondoren, adibidez, indibidualismoan oinarritutako kultura burgesa bultzatu zen, aurreko klase zapaltzaileak ezeztatuz, alferrak izatea leporatuta. Bereziki Jabetza Pribatua gizakia goratuko zuena bezala erakusten zuen kultura azaldu zen.

Ezaugarri kultural hauetako asko ezabatu izan edo nahi izan ziren XX. mendean sozialismoa ezartzen hasi zen herrialde horietan. Iraultza kulturala praktikan jartzen hasi zen lehen aldiz, herrialde bakoitzean modu ezberdinean. Sozialismoak proposatzen duen gizaki berriaren figura eta XVIII. mendearen bukaeran eta XIX.aren hasieran burgesiak proposatzen zuena elkarrengandik oso urrun daude. Funtsean jabetzaren ikuskera hainbat urteko heziketa lanaren ondoren ezarri zen. Bi prozesu kulturalen arteko desberdintasunak erakusten du aurreko ordena sozioekonomikoarekin hausten duten bi gizartetik sortzen direla. Boterean dauden klase berriak beren posizioa mantentzen saiatzen dira kultura berri baten bidez, kasu bakoitzean oso desberdina den “gizaki berri bat” garatuz. XIX. mendean garaile izan diren burgesiek egindako historia nazionalen erabilerak erakusten digu elementu historiko eta kulturalak jostailu bat direla botere ekonomikoa dutenen eskuetan. Honek ez du esan nahi botere politikoa ere dutenik. XIX. mendeko kasu askok egoera hori erakusten dute. Italiaren bateratzean, adibidez, behin-behineko boterea sortu berri zen Luis Napoleonen Bigarren Inperioak ordezkatu zuen Pio IX.aren eskutik. Bateratzea iparraldetik hasi zuen, Piamonte-Cerdeñatik, botere politikoa ez zuen burgesia garaileak.

Modu honetan, Weberrek kapitalismoari kritika egiten dionean nahastuta dago aldaketa ekonomikoa modu kultural batean aztertzen duenean. Kulturaren oinarriak, baita ikuskera erlijiosoetan oso barneratutako horietan ere, botere ekonomikoa duten klaseek gidatzen dituzte.Gauza bera esan dezakegu historia kulturak modan jarritako “zibilizazio” bezalako kontzeptuez.

Materialismo historikoak, beraz, edozein garai aztertu dezake, nahiz eta oso gertukoa izan? Erantzuna baiezkoa da. Bedaridak Gaur Egungo Historiaren inguruan egiten duen analisi eta defentsan  baieztatzen duen bezala, analisi hauek bi zailtasun dituzte. Lehena gertaerekiko denbora hurbiltasuna da, zuzenean historialariak aztertzen ari den prozesu historikoan inplikazioa eduki duelarik. Esan dudan bezala, historialariaren lana, nire ustetan, diskurtso historikoa  tresna moduan klase zapalduen eskuetan jartzea da. Honek lehen arazoa argituko luke.

Bigarrena informazio iturrien gabezia litzateke. Arazo hau beste hainbat etapa historikotan gerta daiteke, ez dute zertan oso urrunekoak izan. Hala ere informazio iturri ugari duten prozesu asko manipulazio, gezur eta hutsunez beterik daude. Hau da, arazo hau edozein etapa historiko eta bere prozesuak aztertzeko orduan edukiko dugula uste dut.

 

Materialismo historikoak, bere metodo analitikoarekin, etorkizuneko historia burutu dezake? Termino hau ezaguna bada ere, askotan ez da materialismo historikoarekin lotzen ekonomistatzat leporatuz. Materialismo historikoaren zientifikotasunak etorkizuneko hamarkaden analisi bat egiteko gai den korronte historiagrafiko bakarra bilakatzen du. Dudarik gabe iragana aztertzen dugunean baino aukera gehiago edukiko genituzte akatsa egiteko, baina guztiz ausan erori gabe egin genezaken zerbait da.

José del Valle

Anuncios